Urriaren 24ean , Elatzeta Ikastetxeak “Streets for kids” ekimenarekin bat egin zuen, hezkuntza-komunitatearen artean harrera handia izan duen aldarrikapen jarduera bat gauzatuz. Elatzetako Bizi-busak auzoa zeharkatu zuen Oñaurretik eskolaraino. Ekintzak helburu zehatz bat izan zuen: eskolara modu seguruan iristeko bidegorri bat izateko eskubidearen aldarrikapena.
Mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko asmoz, ikastetxea bi kale nagusiren bidez lotuko duen bidegorria sortzea izan zen eskaera. Zehazki, Bizkaia kalea eta Harmugarrieta kaleetan ez baitago aukerarik modu seguru eta legezko batetan eskolara txirrindan iristeko.
Ikasle, guraso eta irakasleen parte-hartze aktiboari esker, ikasleen segurtasuna bermatuko duen eta mugikortasun jasangarriko ohiturak sustatuko dituen bidegorri bat izateko premia larria ikusaraztea lortu zen.
Elatzeta eskolak helburu hau egia bihurtzeko lanean jarraituko du, baina horretarako ezinbestekoa izango da udalaren babesa eta inplikazioa. Izan ere, baliabide eta azpiegiturarik gabe zaila izango da helburua lortzea. Modu honetan, laster guztiontzat seguruagoa eta irisgarriagoa izango den eskola ingurunea lortuko da.
Elatzetako BIZI-BUSA nolakoa izan zen ikusi nahi baduzue, sartu hemen!